XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aztal erdietaraino jausten zitzaion kotoin inprimatuzko gonan, liranjatan, hegal gorridun ara urdin batzu mokoka ari ziren.

Oihal xurizko mantar motz lepo hutsak soina tinkatzen zion.

Beso-axiroinak agerian zituen.

Noiz behinka, ibiltzeak, hanka marratzen zion eta, gerrian, gona-mantarren arteko larru beltzaran legun poxi bat erakusten zidan.

Añarrosa xoragarri hura! Irriño egin eta zuri ederretsi beharrean, hara non fidagaitz eta bekaizti nengoen!.

Aintzira ez zen zabala, oihanez hertsiki inguraturik, ur eremu beltz, gogor, argi izpirik gabeko bat iduritzen.

Erdian, zankaluz bakarti batek hatz bakar baten gainean lo egiten zuen.

Xinaurriek mirakuiluz etxetzat hautatu ez zuten goroldi une bat aurkitu nuen: betiko jakinen nukeen bazter haik guretzat xarmatuak zirela.

Jauntzi arina kentzen niolarik, ez nuen Añarrosaren aurpegia ikusi, bizkarrez argira baitzegoen.

Bainan goroldi ohean etzanik, dirdiratzen zuen argitan.

Papo xumeak zituen argitsu, tontorren inguruan.

Sabeleko eremu eztia distirant zitzaion xoko doi-doi itzaltsuraino, izter gainean argiak arku arina marratzen zion...

Añarrosarengana gurtu nintzen eta haren gorputza itzaldu zen.

Ordainez, neure eskuaren pean pixka bat firfira egiten zuen larru samurrezko bide luzean sartzen ari nintzen.

Hosto usain hura zeukan.